Profesionalen prestakuntza

Audio guztien bilduma EKT2

Imanol Manterola kazetaria parte hartzen ari da Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondoan, eta bertako saioetan oinarrituta, irratsaio bereziak prestatzen ari da Euskadi Irratiarentzat. Atal honetan irratsaio guztien lotura eskainiko dizuegu.

  • Zein da herriak kulturgintzan izan behar duen tokia? Euskal kulturak ez du jarraitzeko moduko eredu garbirik Igor Elortza bertsolariaren ustez. Harreman horizontaletan oinarritutako eredua da euskal kulturak behar duena, bere ustez, baina horretarako, geure buruaren erretratu zintzoa egitea ezinbestekoa dela dio Elortzak. Aste honetako saioaren bigarren zatian, herri hizkerarekin lotutako ekimen bat ezagutuko dugu. "Ahotsak" da proiektuaren izena, eta tokian tokiko hizkerak jasotzea du helburu. Gainera, jasotako hori sarean jarrita, edonoren eskura daude. Aser Sarasua "Ahotsak"en sustatzaileak azalduko dizkigu bere helburuak.

  • Maitasuna, eguneroko gauzetan, lanbidean, euskararekiko militantzian. Maitasuna galdu behar ez den sentimendua omen da. Euskalgintzan, urte hauetan guztietan ikusi dituen aldaketak ere kontatuko dizkigu idazleak. Aste honetan beste idazle baten hitzak ere jaso ditugu. Gotzon Barandiaran da bera, idazle lanetan bakarrik ez, euskal kulturaren inguruko hamaika ekimenetan parte hartzen du Larrabetzuko gazteak. Euskal kulturaren kontsumoaz eta desegituraketaz aritu zaigu gure saioan.

  • Idaztea hizpide. Euskal Herriaren berri euskal herritarrei ematea ez da erraza. Inkontzienteki, kanpotik datozkigun kontzeptu eta ikuspegiak barneratzeko arriskua dagoela diote Lorea Agirre eta Andres Gostin kazetariek. Horregatik, idaztean aukeratzen diren hitzek garrantzi handia dute bi kazetarion ustez. Estaturik ez izateak edo, are gehiago, bi estatutan banatuta dagoen komunitateari begira lanean jarduteak, eguneroko ahalegin handia eskatzen omen du, besteak beste, mugaren bi aldeko euskaldunak kontua izateko. Idazteaz arituko da baita ere Josu Landa, armiarma.com atariko sustatzaileetako bat. "Bahituta" dagoen literatur ekoizpena edonoren esku jartzea helburu duen ekimen hau gertutik ezagutuko dugu Euskal Kulturgintzaren Transmisioan.

  • Tolosako kultura ekimenak eta proposamen bat kulturgintzaren transmisiorako hezkuntza alorrean. Bonberenea, GKO Gallery, ekinbidetxea... Tolosako hainbat talde dira. Denak ere ezaugarri batekin: herri ekimenak dira. Eta oso arrakastatsuak. Zeintzuk diren eta nola lan egiten duten azalduko digu Irene Arraza, Tolosako Udaleko kultur teknikariak. Eusko Jaurlaritzako hezkuntza saileko Iñaki Artola etorriko zaigu ondoren. Gaztetxoek euskara eta euskal kultura jaso dezaten, planteamendu aldaketa behar dela dio, hizkuntza erabiltzeko gaitasuna neurtze hutsetik haratago doana.

  • Iñaki Martinez de Luna eta Xabier Lete. Euskara eta euskal kultura bidegurutzean daudela uste du Iñaki Martinez de Luna irakasleak. Besteak beste, onik ateratzeko, 'surfistaren eredua' jarraitu behar dugula dio; alegia, egungo egoerara egokitzen jakitea. Saioaren bigarren zatian, Xabier Letek bere bizitzaren errepasoa egingo digu, kulturarekiko interesa piztu zitzaionetik, 60 kantu konposatzera heldu arte.

  • Euskararen muga sozialak eta euskal kantagintzaren testigantza bat. Euskara gaurdaino iritsi izana miraria dela dio Xabier Aierdi soziologoak. Azken 30 urteotan egindakoa asko izan dela uste badu ere, aurrera egiteko oztopo nagusietako bat 'euskararen muga sozialak' direla esango digu. Hori zer den argitzeaz gain, adostasun politikoaren beharraz ere arituko da Aierdi. Saioaren bigarren zatian, aldiz, sarraileko zulotik begira jarri eta Amaia Zubiria hobeto ezagutzen saiatuko gara. Printzipioez, musikaz eta, oro har, bizitzaz mintzatuko zaigu abeslari zubietarra.

  • Aniztasunaren beste perspektiba bat eta literatura. Zergatik ez da kaleko mugimendua Europan unibertsitatera iritsi? Estatu Batuetan gertatu den moduan, hemen gertatu ez dela eta, Imanol Galfarsoro irakasleak Ikasketa Kultural horien garrantzia azpimarratuko digu aniztasunaz hitz egiterakoan. Txomin Peillen idazlearekin gaiz aldatuko dugu zeharo: modernitatea euskal literaturara nork ekarri zuen argituko du.

  • Eñaut Etxamendi eta Jon Sarasua. "Euskal Kulturgintzaren Transmisioa" gidatzen du Imanol Manterolak igandero Euskadi Irratian.

  • A eredua ghetto bilakatzen ari ote da? Neurri batean hala dela esango digu Amelia Barquín irakasleak, etorkinen euskalduntzea ez dagoela bermatuta uste du. Josu Amezagak, aldiz, aniztasuna izango du hizpide.

  • Artea eta Jorge Oteiza hizpide. Joxe Angel Lasa eskultore eta irakasleak artera hurbilduko gaitu. Edo, gutxienez, saiatuko da ulertzen ez dugun artea errespetuz ikus dezagun. Artea baita ere, baina zehazki Jorge Oteiza artista izango du hizpide, berriz, Joxe Angel Irigaray euskal idazle eta poetak. Hain zuzen, Oteiza poeta ere bazela argituko digu.

  • Kulturaren Euskal Plana eta Kulturaren Euskal Behatokia. Kulturaren lehenengo Euskal Plana amaitu berri dute, eta bigarrena abian jartzear da Eusko Jaurlaritza. Plan horrek zer eman duen aztertuko dugu Joxean Urdangarin, planaren koordinatzailearekin. Ikuspegi estatistikoagoa emango digu, berriz, Lourdes Aranguren, Kulturaren Euskal Behatokiko arduradunak.

  • Xabier Mendiguren eta Kontseilua. Erretiroa hartzear da Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia, eta erakundearen baitan emango den erreleboan pentsatzen hasiak dira. Momentu berezi hau aprobetxatuz, euskalgintzan izan duen ibilbideaz hitz egin digu Mendigurenek eta, bide batez, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua hobeto ezagutuko dugu.

  • Zein da Euskal Herriak testuliburuetan duen presentzia? Horixe aztertzen dihardute Begoña Bilbao, Gurutze Ezkurdia eta Karmele Perez ikertzaileak. Azken urteotako lanetik ateratako ondorioak ezagutuko ditugu, eta berriz ere gurean izango da Iñaki Arruti Lasarte-Oriako euskara teknikaria. Kasu honetan, euskara elkarteez mintzatuko zaigu, bere herriko Ttakun elkartetik abiatuta.

  • Gazte hizkera eta euskalkiak hizpide. Kike Amunarriz gazte hizkerari buruz mintzatu zaigu, eta Koldo Zuazok euskara batuaren defentsa egin du Euskadi Irratiak jaso duen "Euskal Kultugintzaren Transmisioa" ikastaroan.

  • Iñaki Arruti euskara teknikaria eta Jone Miren Hernandez EHUko irakaslea. Biak lasartearrak, euskararen transmisioaren inguruan duten ikuspegia azaldu digute.

  • Historia lezio bat, eta dantzaren inguruko kezkak. Ane Larrinaga EHUko irakasleak euskalgintzaren bilakaera aztertu du. Orainaldian mintzatu zaigu, berriz, Joxerra Vitoria. Kezkatuta dago herriko dantza eta musika eskolek bizi duten gainbeherarekin, eta hori aldatzeko proposamena egin digu.

  • Euskal kulturaz, kontzientzia hartzeaz eta tristuraz. Maialen Lujanbiok aurreko urteko graduondokoan izan ziren gaien analisia egin du. Xabier Amurizak, aldiz, bere bizitzan tristurak eta bakardadeak izan duten pisua azaldu digu, eta tristuratik irribarrerako bidaia Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx' pailazoaren eskutik egingo dugu.