ECTS/orduak
60 ECTS
Egutegia
Tokia
Hizkuntza
Euskara
Modalitatea
Erdi-presentziala
Prezioa
4.800 €
Aurkezpena
Euskal kulturak maila askotako desafioak bizi ditu. Hauei erantzuteko prestakuntza sendoa duten eragileak formatzea beharrezkoa dugu aro berri bati begira. Eragile horien prestakuntzan ekarpena egiteko sortzen da Euskal Kulturaren Eragiletzan masterra, eta eragileen harrobia prestatzea dugu helburu. Kultur eragileen harrobia, arlo profesionalean nahiz ez-profesionalean, bai hezkuntza arautuan edota hezkuntza araututik kanpo, tokian tokiko kultura eragiletzan edota udal eta erakunde publikoetan.
Gure kulturaren galdegai eta problematikei heltzera dator master hau: kultur-eragin globala metabolizatzeko moduak, jarraidura eta irekidura konbinatzeko erak, gure sustraiak interpretatzeko sintesiak, hizkuntzaren lekua ulertzeko oinarriak, teknologiaren eraginak, komunitatea birsortzeko baldintzak, arte-arlo bakoitzaren desafioak… Orain arte egin denetik harago, nola antolatu kulturgintzaren transmisio ganorazkoa hezkuntza arautuan? Nola berregin herrietako eragiletza kulturaren arloan? Zer oinarritatik hobetu euskal kulturgintzaren inguruko udal-politika publikoak, komunikazio-lanak edota ikerketa-bideak? Abagunearen galdera eta beharrizan konkretuei erantzunez, arlo desberdinetan euskal kulturaren eragileak formatzea da master honen helburua.
Nabarmenduak
Arloz arloko formazioa, gaikako irakasle adituekin.
Lan praktikoen bidezko ikasketa, proiektu erreal eta kokatuetan.
Lanketa intelektuala, eta lanbidera begira egindako trebakuntza.
Formazio zabala, tradizioaren eta etorkizunaren arteko katebegi izateko.
Diru-laguntzetarako aukerak, masterra finantziatzeko.
Euskal kulturaren eragiletza masterrean Udako Euskal Unibertsitateak eta Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-ek parte hartuko dute.
Helburuak
Masterra lau ziklotan antolatuko da:
- Oinarri orokorrak
- Kultur eragiletza eta transmisioa hezkuntzan
- Kultur eragiletza herrigintzan
- Ikerketa proiektua
Lehen zikloan, oinarri orokorrak emango dira. Hauek dira zati horren helburuak:
- Herrigintzari eta komunitateari buruzko oinarrizko paradigmak eta kontzeptuak lantzea.
- Euskal kulturak eta kultugintzak hiztun komunitate baten egituraketan duen eraginaren garrantzia lantzea, eta masa kulturaren, kultur merkatuaren eta herri kulturaren arteko desberdintasun, lotura eta orekak ulertzea.
- Gizarte garaikidaren analisia egitea (mundu garaikidearen eta hipormodernitatearen ezaugarri sozialak, euskal gizartearen ezaugarri eta tentsioak eta aldaketa teknologikoek kulturan duten eragina).
- Euskal kulturaren historiaren mugarriak, joerak eta horien eraginak ezagutzea, eta euskararen eta euskal kulturaren biziberritzearen gakoak, abaguneak eta erronkak ulertzea.
- Euskal kultura bere herriaren lurraldetasunean ulertzea eta diasporak euskal kulturarekin duen harremanaz eta kulturak diasporarentzat duen garrantziaz jabetzea…
- Kulturaren eragiletzaren abaguneak eta galdegaiak lantzea adarrez adar (literatura, kantagintza, bertsolaritza, euskal giza-zientzien erreferenteak, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, ondarea, arte plastikoak, libertimendua, dantza eta jaia).
Bigarren zikloa hezkuntza arloari eskainiko zaio. Helburua da lantzea kulturaren eragiletza eta transmisioa hezkuntzan. Hauek dira helburua zehatzak:
- Kultur eragiletza hezkuntzan lantzeko bideak eskaintzea,
- Euskal kulturak euskal curriculumean duen eta izan behar lukeen tokia aztertzea,
- Euskal kultura hezkuntzan transmititzeko oinarri pedogogikoak lantzea
- Euskal kulturaren adarrak ikastetxean transmtitzeko estrategiak diseinatzea.
Hirugarren zikloak kultur eragiletza herrigintzan izango du aipagai. Helburua da herrigintza (erakundeak, elkarteak…) euskal kulturaren sustatzaile bihurtzen laguntzeko gakoak eskaintzea, hau da:
- Kultura politiken eragileak (erakunde publikoak, merkatua, gizartea) zein diren eta nola funtzionatzen duten lantzea,
- Herria sustatzen duten proiektuak diseinatzeko bideak barneratzea, betiere kultura kontsumoaren eta kultura sortzearen arteko aldea eta osagarritasuna ezagutuz,
- Herrigintza autoeratua ardatz, masa kulturaren eta herri kulturaren arteko aldeaz hausnartu ondoren, euskal kulturgintzarako etorkizunerako hamabi estrategia aztertzea.
Masterra Master Bukaerako Lanak pisu handia izango du: ikasleak ikerketa proiektu bat egingo du, aurreko zikloetan jasotako edukietatik abiatuta eta kulturaren eragiletzan ekarpen bat egiteko asmoz. Ikerketa eta txosten akademikoak egiten ikasteaz aparte, euskal kulturgintzari buruzko ikerketak ekarriko litzaizkioke mundu akademikoari, ikasleen lan horiei esker. Baina ikerketa lan horiek ez dira teoriara mugatuko, Euskal Herriko eragileekin eta eragileen beharren araberako proiektukak landuko dituzte, etorkizun hurbilean eragiteko asmoz.
Nori zuzendua
Ikasleak graduatuak izan behar dira. Edozein gradutakoek izan lezakete sartzeko aukera, besteak beste gradu hauetakoentzat izango da egokia: Hezkuntza graduak, Komunikazio graduak (ikus-entzunezkoa, kazetaritza…), Humanitate Digital Globalak, euskal ikasketak, itzulpengintza, zuzenbidea…
Programa
Lehen zikloa: Oinarri orokorrak
Bigarren zikloa: Kultur eragiletza eta transmisioa hezkuntzan
Hirugarren zikloa: Kultur eragiletza herrigintzan
Laugarren zikloa
Metodologia
Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren antolamendua Mondragon Unibertsitatearen hezkuntza-ereduaren irizpideen arabera gorpuztu da. Honela laburbil ditzakegu horiek:
- Ikaskuntza adierazkorra sustatzea, aurretiko esperientziekin eta errealitate profesionalarekin ikaskuntzek izaniko loturaren bitartez.
- Ikaskuntza autonomoa eta ikaslearen erantzukizuna garatzea.
- Teoria eta praktika profesionalak lotzea.
- Ikasgaien ikaskuntzak elkarrekin lotzea.
- Ikaslea dugu ikaskuntzaren ardatza. Ikasleak zuzendutako proiektuak bere prestakuntza-ibilbidea markatuko du.
Ikaskuntza funtzional eta esanguratsua: metodologiak honako alderdiak biltzen ditu: kasuen azterketa, egoerei buruzko azterketa eta hausnarketa, informazioaren bilaketa nahiz eztabaida, eta proiektuan oinarritutako bestelako metodologiak.
Antolaketa
Malgutasuna eta ikaslearen kontziliazioa kontuan hartuko ditu. Beraz, erdi-presentziala izango da (halaber, ikasle bakoitzaren egoera kontuan hartuko da, malgutasun horri begira):
- Astean behin egingo dira saio presentzialak, Eskoriatzako campusean. Saio presentzialetan klase magistralak eskainiko dira, baina ikasleen parte-hartzea ere sustatuko da eta haien ekarpenei tokia eskainiko zaie. Klase presentzialek hiru ordu iraungo dute, eta honakoa izango da edukia:
- Irakaslearen hitzaldia
- Ikasleen arteko solasaldi dialogikoa
- Sintesia eta ondorioak
- Urtean lau edo bost saio berezi egingo dira euskal kulturarekin lotura duten leku garrantzitsuetan, Euskal Herrian gaindi.
- Lan autonomoak pisua izango du: ikasleek irakurgai ugari (liburuak eta artikulu akademikoak) izango dituzte, laburpenak eta txostenak egin beharko dituzute, eta ikerlan txikiak, master bukaerako lanaz aparte. Eduki aldetik mamitsua izango da, beraz, baina ikasleek beren ibilbidea egiteko aukera izango dute, lan autonomoetan sakonduko dituzten gaien bitartez.
- Tutoreak ikaslearen jarraipena egingo du.
Matrikula
Izen-ematea
Inskripzioa online egin beharko duzu, martxoaren 10etik ekainaren 5era.
Matrikulazioa
2024ko ekainaren 5etik 7ra.
Eta plaza librerik geratzen bada...
Matrikulaziorako ezohiko epea
2024ko ekainaren 10etik 24ra.
Entregatu beharrekoa:
- Matrikula orria.
- Nortasun Agiriaren fotokopia.
- Argazkia.
- Ikasketen agiri, expediente edota tituluaren kopia.
Onarpen baldintzak eta prozesua
Ikasleen sarrera-profilaren ezaugarriak hauek dira:
- Europako unibertsitate-titulu ofizial bat edo Goi Mailako Hezkuntza Esparruko goi-mailako hezkuntza-erakunde batek emandako beste titulu ofizial bat izatea, titulu hori ematen duen herrialdean graduatu ondoko ikasketak egiteko ahalmena ematen duena.
- Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparrutik kanpoko hezkuntza-sistemekin bat datorren unibertsitate-titulua izatea, bere tituluak homologatu beharrik gabe, kasuan kasuko unibertsitate-titulu ofizialen pareko prestakuntza-maila dutela egiaztatu ondoren, eta titulua eman duen herrialdean graduatu ondoko ikasketak egiteko gaitasuna dutela egiaztatu ondoren. Bide horretatik sartzeak ez du esan nahi, inola ere, interesdunak duen aldez aurreko titulua homologatu denik, ez eta titulu hori diploma hau egiteko ez den beste ondorio batzuetarako onartu denik ere.
Finantziazio iturriak
Ikastaro honetan, FUNDAEren bitartez, % 100eko hobaria jaso daiteke.
Behar duzun gauza bakarra zure enpresari eskaera egitea da (erakundeek dute kredituaren hobaria jasotzeko aukera). Hortik aurrera, gure kontu egingo dugu kredituari dagokion kudeaketa, aholkularitza eta egiaztapena, aholkulari espezializatuen bitartez.
Lekukotzak
Iratxe Retolaza
"Euskal kulturaren inguruko dinamika eta pentsamendu kritikoak biziarazteko guneak beharrezko ditugu, kultur hezkuntzan eta kultur bitartekaritzan trebatzeko guneak, euskal kulturaren imajinarioak berritzeko eta birpentsatzeko guneak. Gogoeta kolektiborako eta kultur ezagutzaren sorkuntzarako espazioak sortu nahiko genituzke masterrean, norabide honetan eragiteko: euskarazko sorkuntzaren zirkuituak, sareak zein sinergiak xaxatzeko eta mugiarazteko, eta Kultur Teoria Kritikoak elkarrizketan jartzeko (eta gurutzatzeko) euskal kulturaren askotariko ekarpenekin zein mundu ikuskerekin".
Itxaro Borda
"Bizi dugun guzia da kultura. Baina jakintzen artean mugak eraikitzen dituen jendarte batean bizi gara. Master honi esker, ikasleak ikuspegi orokor eta xehe bat ukanen du bere ikasketen buruan. Helburua ez da oro jakitea, hori ezinezkoa delako, baina jakitea dakigunaz gain ere badirela ikas eta ikus bideak!".
Jon Sarasua
"Aspalditik sumatzen genuen horrelako zerbaiten falta, formazio serio baten beharra arlo askotan euskal kulturaren eragileak janzteko. Horretarako oinarriak sendo landu behar dira, eta hainbat arlotako maila profesionalean eragiteko gaitasun sorta zabal bat".
Ibai Zabala
"Kultura eta hizkuntza dira herri baten identitatearen zutabe nagusiak. Horrek, hizkuntzan trebatzen garen bezala, kulturan ere gaitu beharra dakar; bai eragiletzan jarduteko, bai transmisioan katebegi eraginkorra izateko. Baldin eta euskal kulturgintzan eragin eta bere transmisioa sustatu nahi badugu. Baldin eta HERRI bagara”.
Kredituen aitortza
Euskal Kulturaren Transmisioa Aditu Titulua egin dutenei, bi modulu (12 ECTS) aitortuko zaizkie.
Irteerako profila
Euskal kulturaren eragiletza masterra bukatuko dutenak gai izango dira euskal kulturaren biziberritzea ulertzeko bere testuinguru sozialean, historikoan eta geografikoan, euskal kulturaren ibilbidea azaltzeko eta ibilbide horren ezagupenetik eta gizarte garaikidearen egoeraren ezagutzatik euskal kulturaren biziberritzearen etorkizuneko erronkak identifikatzeko eta horiei erantzuteko. Hartara, gai izango dira euskal kulturaren biziberritzean eragiteko, horretan garrantzia duten sektoreetan.
Besteak beste hauek izango dira masterra egingo dutenek izan ditzaketen lanbideak:
- Kultura teknikariak udaletan eta erakunde publikoetan
- Kultura teknikariak elkarteetan eta erakunde pribatuetan
- Euskal kulturaren transmisio arduradunak hezkuntza erakundeetan
- Eskolaz kanpoko hezkuntzako irakasleak (dantza eskola, bertso eskola, antzerki eskola…)
- Euskal kulturgintzaren irakasleak diasporan
- Euskal kulturan berezitutako kazetariak
Kolaboratzaileak/ babesleak
Udako Euskal Unibertsitatea
Center for Basques Studies
Gipuzkoako Foru Aldundia
Eusko Ikaskuntza
Prezioa
4.800€ *
* (Berezko prezioa 7.140 eurokoa da, baina matrikula prezio apalagoan eskainiko da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzari esker)
Ordainketarako honako bi aukerak eskaintzen ditugu:
- 3 kuotatan: matrikula egiterakoan, abenduan eta martxoan.
- 5 kuotatan: matrikula egiterakoan, azaroan, abenduan, otsailean eta martxoan