Ikasketak

Ikasketak eta lana partekatzea

MGEPko azken Plan Estrategikoan jasotzen denaren arabera, bere egitekoaren elementu nagusietako bat ingeniarien eta ingeniari teknikoen formazio integrala eta bizitzan zeharreko ikaskuntza dira, gizarte-garapenerako funtsezko elementuak, hain zuzen ere. Bestetik, planean, gizarte-irisgarritasunerako eta aukera-berdintasunerako politikak eta gure kooperatiba-balioekin bat datorren kudeaketa-sistema eraginkorra ezartzen dira.

Egiteko horren elementu horien atzean, ikasleen prestakuntza gure enpresen eta gizartearen etengabeko eskaerei osotasunean erantzutera bideratzeko MGEPren borondate garbia dago. Horretarako, gure kooperatiba-balioetan oinarritutako irakaskuntza-eredu propioaz baliatu nahi da, nahi duten ikasle guztiei prestakuntza integrala emango diena, haien sinismena eta egoera ekonomikoa kontuan hartu gabe.

Gainera, erakunde-aldaketak, neurri handi batean, pentsamoldea eta enpresatan dagoen munduaren eta merkatuaren ikuskera aldatzera zuzenduta daude, globalizazioa deritzanaren esparruan. Lanaren balio anitzeko izaerak prestakuntza eklektikoagoa eta orokorragoa eskatzen ditu. Langileek eskumen teknikoez gain, eskumen metodologikoak, sozialak eta parte-hartzaileak behar dituzte. Lanbide-prestakuntzako ahaleginak, batez ere, prestakuntza orokorrera bideratzen dira eta garrantzi txikiagoa ematen zaie berariazko alderdi tekniko jakinei, etengabeko berrikuntza teknologikoaren eta lana antolatzeko modu berrien ondorioz balioa galtzen dutenei, hain zuzen.

et

Testuinguru horretan, esan behar da, prestakuntzaren eta lan-munduaren arteko harremanak  gehiago sendotu beharra dagoela gazteak bizitza aktibora ahalik eta modurik onenean sar daitezen. Prestakuntza/lana giltzatzeko, bi munduen artean zubiak ezarri behar dira.

Lan-esperientzia prestakuntzarekin elkartuta, lan-egoerak ikaskuntza-egoera bihurtzen dituen hezkuntza-proposamena sortzen da eta prestakuntza-prozesu malgua eta iraunkorra sortzen du lanean eta lanerako ikasteko gaitasunetik abiatuta. Gure ustez, gaitasun hori garatzeko modu bakarra protagonistak lan-egoera errealetan jardutea da.

Helburu horiek eta ikasle-profila lortzeko, MGEPk hezkuntza-eredu eta planteamendu didaktiko propioak garatu ditu; horiek I/L  txandakatzea sustatzen dute eskumen teknikoak eta gizarte- eta lan-eskumenak eta enpresa-errealitatearen ezagutza aplikatzeko bidetzat.

Horretarako eta, ALECOP enpresarekin kolaborazio estuan, lehen zikloko ikasleen %20ak baino gehiagok eta 2. zikloko %60ak baino gehiagok MGEPan igarotako ikasle-bizitzan zehar ikasketa eta lana txandakatzeko aukera izan dute.